Bihar bai

Milaka unibertso ezberdinen atarira berriz eramateko eskatu zenidan. “Gaur ezin gara joan” esan nizun, “itxia baitago gaur liburutegi hura”.

Behean bego

«Zafirozko sabai altua du infernuak, noizbehin ikatz bihurtuta, goitik argitzen duen su bitxia itzaltzen denean». Lurpekoen sinesmen bat.

Metaphysical Graffiti

«Gure bizitzak denbora-espazioan sinatutako gure autografoak dira, eternitateari eskainita». Errotuladorea bota & komunetik irten nintzen.

ERGosaria

Gorputzeko zein gramatikako osasuna mantentzeko gogoa? Pisua galdu nahi baina ergatiborik inola ez? Agian zu ere Special K-en premian zaude.

Infinitorantz

Ortzadar bat Saharako zeruan. Bale urdin bat Lurraren orbitan. Itxaso bat amets almohada azpian. Mugarik ez dago gure buruetan.

Kutsatuta

Zure ametsak hackeatu nahi nituzke, “nire.irribarrea” izeneko birus bat bertan sartzeko. Osea, zeuk oharkabe egin zenidan gauza bera.

Solitudine

Bakardadearen itzalean betidanik, lagun bat aurkitu zuen azkenean. «Zure besarkadan ito nahi…» esanez, hil zen Suizidioaren besoetan.

Oharkabean

Geltokitik irtetzean, neskalagunaren argazkia motxilatik erori zitzaion oharkabe. Une berean haren gero artea betiko agur bihurtu egin zen.

Wish in vain

Margolaria banintz, zure arima pintatuko nuke; abeslaria, zure doinua kantatu. Mirarigilea banintz, historia aldatuko nuke, itzul zintezela.

Zelatari

Egunero leku berean zelatan egoten. Inor haren presentziaz ez da ohartzen. Izarrei kontatzen die jakin duena. Lokartzen ez baita txorimaloa.

Noraezean

Nerearen ametsean, espazioan dabil noraezean. Nahiz eta saiatu, ezin da esnatu. Halaxe da ametsa ez delako. Ihes ezinik, bakarrik betirako.

Heldu beharreko unea

«Elementary, my dear Watson». Holmes eta doktorea sutsuki besarkatzen hasi ziren. Luze zirauen euren arteko gay-tentsioa apurtuta betirako.

Etxe zaharrara bueltan

Ama hil ostean, ametsetan soilik itzuli nintzen etxera. Azkenekoan bere ahotsa aditu nuen. Zer da ama, zer da? «Musika jaits ezazu, joder!»

Parrizidoa

Aitaren odola labanan ikusiz, Mary Shelley-k arrazoi zuela pentsatu nuen. Azken finean denok gure gurasoen Frankenstein-ak baino ez baikara.

Shapeshifter

«Misteriotsua, ni? Ez ba». Biok irri egin eta agur esan genuen. «Hurrengo zitan egia esango diot» erabaki nuen, nire ohiko forman bihurtuz.